Aurrekoan jakinarazi genizuen zein izan diren IKAren materialerako 2. ideia lehiaketako irabazleak. 2009 udako materialerako Itziar Ruiz de Arcauteren ideia hautatu genuen. Aukera izan dugu berarekin hitz egiteko, eta hauxe kontatu digu.
Itziar euskaltegian matrikulatzen den lehen urtea da hau. Irailean mailaketa proba egin eta 5. urratsa egiteko moduan zegoela adierazi zioten; harritzekoa A ereduan ikasi zuela kontuan hartzen badugu eta aspaldi, gainera. Beno, egia esan, aitortu digu bere mutil laguna euskalduna dela eta tarteta-marteka berarekin egiten duela euskaraz.
Urritik otsailera egunero 3 orduz aritu zen eta otsailetik ekainera 2 orduz. Orotara 3 urrats egin ditu tarte horretan. Udan gustura egingo luke beste ikastaro bat, baina, lan egin behar duenez, ezinezkoa zaio. Hortaz, datorren ikasturteko ikastaro bat egiteko gordeko du saria.
Otsailean 7. urratsean zegoenez, aukera izan du 1. Maila Egiaztatzeko Azterketa egiteko. Dakizuenez, azterketa hori egin ahal izateko ikasleak euskaltegi batean matrikulatuta egon behar du eta 6. urratsa gaindituta izan. Itziarrek dagoeneko badaki lehenengo proba gainditu duela, baina oraindik ere ez daki ahozkoan zein emaitza izango duen. Baietz gainditu!
Bestalde, orain arte ez du inoiz parte hartu euskaltegian planteatu dugun bezalako lehiaketa batean. Hau izan da lehenengo aldia, eta, berak aitortuta, ez da oso trebea horrelako montajeak egiten. Gustatu, gustatzen zaio, eta, horregatik noizean behin argazkiak hartu eta montaje bitxiak egiten ditu. Euskaltegian lehiaketarena ikusi zuenean, ez zuen zalantzarik izan: zer edo zer egingo zuen eta aurkeztu. Eta begira, irabazle.
Hortaz, Itziarrek ikasle guztiak animatu nahi ditu datorren urtean ere euskaltegiak planteatuko duen IKAren materialerako 3. ideia txapelketan parte hartzera.
atzera itzuli