Ikasturte berria hastear dagoen honetan, azpian sinatzen dugun euskaltegietako ordezkariok mezu argi bat zabaldu nahi dugu: euskara ikastea merezi du; gure herriko hizkuntza ikastea eta erabiltzea aberasgarria da. Horregatik dugu argi euskara ikasi nahi duten guztiei erraztasun guztiak eskaini behar dizkiegula: euskara ikasteko dirulaguntzak, euskara agiri ofizialak, euskaltegi sare zabala, eskarmentu handiko irakasleak, ikasleen beharretara egokitutako ikastaroak, xede bereziko ikastaroak... Euskara ikastea helburu eskuragarria, motibagarria eta aberasgarria izatea nahi dugu.
Eskuragarria aipatu dugu lehenik. Gaur egun, inoiz egon ez diren erraztasun eta aukerak daude euskara ikasteko. Eta horren arrazoia ere argia da: ez dugu nahi inork esaterik euskara ikasteko zailtasunak dituela. Zein motibo egon daiteke euskara ez ikasteko? Prezioa? Dirulaguntza piloa dago: HABErenak, Udalek ematen dituztenak, enpresa askorenak... Ordutegiak? Ordutegi eta modulu aukera zabala dago; gainera, Internet bidez ere ikas daiteke. Desplazamenduak? Ehundik gora euskaltegi daude guztien etxetik gertu.
Motibagarria izatea ere nahi dugu. Zertarako ikasiko dut nik euskara? Seme-alabekin euskaraz komunikatu ahal izateko; edota telebista euskaraz ikusi ahal izateko; aldizkari edo liburu bat euskaraz irakurtzeko. Lanean ari zarela, lankide euskaldunekin hitz egiteko. Ikasten edo lan bila bazabiltza, titulu ofizialak eskura ditzakezu; eta gainera, agiria lortuz gero, horregatik ere dirulaguntza berezia eskura dezakezu. Aisialdian, dendan edo jatetxean euskaraz aritzeko... Tira, abestiak dioen bezala, ”...badira mila motibo...” euskara ikasteko. Ah! Euskal abestiak ulertzeko ere balio du.
Eta aberasgarria ere aipatu dugu. Euskarak eta euskal kulturak leiho berriak irekiko dizkizu; eta leiho horietatik euskararen mundua izango duzu zain. Euskarak zabalduko dizkizun ikuspegi berriak zure bizitzaren esparru guztietara iritsiko dira: familia harremanetara, lan-harremanetara, aisialdira… Euskara jakiteak eta erabiltzeak ez dizu kalterik ekarriko, onurak baizik.
Horiek horrela, goian azaldutako mezua errepikatu nahi dugu: ikas ezazu euskara! Dena duzu irabazteko, eta merezi du. Eta seguru baduzula euskaltegiren bat etxetik hurbil.
Isidro Yoldi (Batuz), Mertxe Mugika (AEK), Mertxe Luzuriaga (Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoa), Gurutze Sarasola (IKA) eta Marian Bidegain (Maizpide)
atzera itzuli