Albisteak

IKAk 20 urte bete ditu

Dena den, izenak izen, izanak eman behar zion jarraipena egitasmoari. Eta horretan sartu ginen buru-belarri Araba eta Nafarroako hainbat euskaltegi. Araban: Gasteiz eta Pinto euskaltegiak, Errioxako herrietakoak Oionera eta Guardiara (Biasterira) bildurik, Lantaron, Kanpezu, Gobiaran... Nafarroan: Iruñerrian, Leitzaldean, Bortzirietan eta Malerrekan.

IKAren helburua Euskal Herri osoa euskalduntzea eta alfabetatzea izanik, eskatzen ziguten toki guztietara joango ginelako konpromisoa hartu genuen, baldin eta beste euskaltegiren bat ez bazegoen. Horrela, zenbait urtetan Saran (Iparraldean) eman izan ditugu eskolak, Maeztun beste batzuetan... Ildo beretik Barnetegia osatu behar zela erabaki, eta Lesakan antolatu genuen. Hark ere ezin izan zuen luze iraun, EAEtik kanpo egotean HABEk diru laguntzarik gabe utzi baitzuen.

Denok, hango zein hemengo, egin dugu lan bai proiektuaren alde, bai euskararen alde: batzuetan bete-betean asmatuko genuen, beste hainbatetan, aldiz, oker joko zigun kukuak. Zenbaitetan ekonomiak baldintzatu du gure lana, beste batzuetan gure ezjakintasunak, edo denera behar bezala ezin iritsi izanak. Dena dela, ekonomia puntu hori ukitu dugunez, Nafarroako Gobernuaren jokaera salatu nahi dugu, euskara ito nahian daraman politika ero eta suntsitzaileagatik; baldintza horietan lanean jarraitzeak badu meritua. Mila esker, beraz, Nafarroako lagunei, eta txalo bat eskatzen dizuet haien alde! Nafarrena hil ala bizikoa bada ere, ez pentsa Erkidegoan lanak errazak izan direnik. Hainbat urtetan, HABE nahiz Jaurlaritzarekin ezin ulertuak izan baditugu ere, azken urte honetan harremanak beste bide bat hartu duela dirudi. Bide horrek emango ahal ditu euskarak behar dituen fruituak!

Hasierara itzuliz, ordea, nolakoa izan zen, bada, IKA hura? 100 irakasle inguru, lan egiteko gogoa soberan eta hamaika ilusio aurrera eramateko. Eta hasierako 100 irakasleak, pixkanaka-pixkanaka, 150 edo gehiago bihurtu izanak, gauzak ez ditugula hain gaizki egin adierazten digute. Ospakizunetan gaudenez, ospa dezagun, bada, jendea euskarara hurbiltzen asmatu dugulako. Hasierako haietatik erdiek edo... jarraituko dugu IKAn. Beste batzuk irakaskuntza arautura edo beste zeregin batzuetara bideratu dute euren eginkizuna.

Baina irakasle batzuk joan badira ere, izan dira bestelakoak ere. Berton ikasi dute, eta berton ari dira irakasle. Horiena ere bada meritua, ezta? Ezer ulertu ez, IKA zer zen jakin ez, eta euskararen abentura zoragarri honetan sartu, euskara ikasi, eta gure lanean dihardutenak.

Eta irakaskuntzan ari garenez, zer arraiotan ari gara ikaslerik aipatu gabe! Ikasleak izan dira eta dira gure jardunaren oinarri eta helburu. Eta ikasleek ere ongi erantzun digute, agian merezi baino hobeto. Haiek urteotan pazientziaz, gogoz, etsi gabe iraun dute. Une txarrak pasako zituzten, baina aurrera egin dute, gero eta gehiago dira goi urratsetara iristen direnak; gero eta gehiago tituluren bat edo beste ateratzen dutenak, gero eta gehiago ikasteari utzi eta, lema hartuta, irakasle sartzen direnak. Batzuei eta besteei eskerrak eman behar dizkizuegu, zuek gabe ez baikara ezer.

Besterik gabe, ondo segi, eta mila esker 20 urteotan gurekin egon zareten guztioi! Urteak joan dira bai, baina euskararen erronkak luze joko du, eta bidean lagun izango gaituzue.

atzera itzuli
IKASTARI (IKA) KULTUR ELKARTEA Comedias, 14 P.K. 31001 - IRUŅEA Tel: 948 - 22 22 46
A | xhtml | CSS - Ametzagaiņak garatuta
BABESLEAK