Apirilaren 9an Hizkuntz Politikarako Sailburuorde Patxi Baztarrikak jakitera eman zuen bezala, gaur, hilak 16, indarrean jarri da euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak baliokidetzeko erabakia. Euskaltegiek egin dute horren balorazioa, eta beraien iritzia gizarteratzeko asmoz gaur goizean prentsaurrekoa eman dute euskaltegi pribatu homologatuen ordezkariek. Patxi Agirregomezkorta (Batuz), Gurutze Sarasola (IKA) eta Mertxe Mugika (AEK)
"Ondotxo dakizuenez, pasa den astean Eusko Jaurlaritzak, Europako Erreferentzi Marko Bateratuari jarraiki, euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak baliokidetzeko erabakia hartu zuen, gaur bertan, apirilak 16, indarrean jartzeko. Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak emandako urratsaren aurrean, euskaltegi pribatu homologatuok erabaki horren balorazioa egin dugu, eta hori gizarteratzeko asmoz deitu zaituztegu prentsaurreko honetara.
Hasiera batean D titulua eta haren ondotik Euskararen Gaitasun Agiria edo EGA famatua sortu zirenetik, beste hainbat profil eta titulu lortzeko azterketa mota ugari egin izan dituzte euskara ikasleek azken urteotan: IRALEko lehen eta bigarren eskakizunak, Administrazioko hirurak, Ertzaintza eta Osakidetzakoak... guztiak bateraezinak eta batzuk epe jakin baterako bakarrik balio izan dutenak. HABEko titulazioak, berriz, 2004an sortu ziren, hau da, atzo, euskara tituluen historian. Azken horiek ez dute aparteko baliorik izan, ordaindutako matrikularen zati bat berreskuratzeko izan ez bada.
Titulu ofizialak aspalditik ematen badira ere euskaltegietako jarduna lehenagokoa da. Zentzu horretan, argi geratu behar da euskaltegiak ez garela hizkuntz akademiak. Euskaltegiak zentro ofizialak gara, eta zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu. Euskaltegiok euskararen irakaskuntza arautuaren erreferentzia nagusia gara eta, besteak beste, Europako batzordearen oniritzia daukan curriculum ofizialaren araberako irakaskuntza prozesua darabilgu. Gaurtik aurrera, euskara-gaitasun tituluen homologazioarekin, euskaltegion irakaskuntza prozesua ofiziala eta Europak balioetsia izango da.
Orain arte tituluak eskuratu dituzten ikasle asko euskaltegietatik pasa da, eta titulazio ugaritasun horrek euskaltegiak beren jarduna egokitzera behartu ditu, ikasleek behar zituzten tituluen ezaugarriak eta azterketak gainditzeko teknikak txertatu behar izan ditugulako euskararen irakaskuntzan. Jendea oso estu ibili izan da tituluak lortzen, eta ikasi nahia askotan alde batera geratu da, tamalez.
Baina orain, titulu guztiak euskaltegiotan aspaldi erabiltzen ari garen metodologiara etorri dira. Ikasleek euskaltegian izena eman beharko dute eta bertan ikasitakoak, ordaindutakoaren zati bat berreskuratzeko balio izateaz gain, berme ofiziala izango du. Euskaltegiok azken urteotan etengabe egin dugun eskaera bati erantzutera dator Eusko Jaurlaritzaren erabaki hau. Ez da berehalakoan lortu, nahi baino gehiago berandutu da titulazioen baliokidetzea, baina izan dadila ongi etorria. Tituluak homologatu eta bateratzeko erabaki honekin aurrerantzean jendea lasaiago ibiliko dela uste dugu, eta horrek motibazioan onerako eragingo duela. Izan ere, jendeak ikusiko du euskaltegira etorri eta euskara ikasita egiaztatu ahal izango duela bere maila, kontua ez dela azterketa bat nola edo hala gainditzea.
Euskaltegi pribatu homologatuon iritziz, ikasleek euskaltegian bertan lortu dezaketen eta Europa osoko titulazioekin bateragarria izango den euskara titulu ofizialak eskaintzeak euskal hiritar askoren jarrera ezkorrean eragingo du. Erabaki honek euskara ikastea erraztuko du eta, ondorioz, jendea euskarara hurbiltzea. Hori dela-eta, erabileran ere igartzea espero dugu.
Izan ere, gure helburua ez da jendea tituluak lortzera bultzatzea, ez hori bakarrik behintzat. Euskaltegiok euskararen erabilera bultzatu nahi dugu, argi eta garbi. Xedea ez da azterketak egitea edota ikasleak tituluak lortzen trebatzea. Ez dugu nahi euskara azterketekin identifikatzea, hainbeste titulu eta azterketa egin beharrarekin, orain arte gertatu den bezala.
Baina hemendik aurrerako bidea errazagoa izango delakoan gaude, ikasleentzat nahikoa izango delako euskaltegian maila bat eskuratzea titulu baten jabe izateko, beste ezer egiaztatzen ibili beharrik gabe.
Beraz, herritarrek eguneroko bizimoduan euskara gustura eta eroso erabili dezaten urrats garrantzitsu bat da eta euskararen onurarako izatea espero dugu."
atzera itzuli